2011-02-08

2011-02-01

AGATE DEUNA (Santa Ageda)

Heldu zaigu, berriro ere, Agate Deuna ospatzeko saioa. Bezpera gauean, otsailaren 4ean, oles egiteko ohitura izan dugu. Oles egitea norbaiti dei edo erregu egitea da, atejoka laguntza eske ibiltzea. Ohitura honek oraindik dirau bizirik toki askotan.

Agate Deuna martiria Sizilia irlan jaio zen k.o. 230. urtean. Garai hartan Siziliako nagusi zen Quintianusi begitik sartu omen zitzaion. Honek ahalegin guztiak egin zituen neskaren bihotza irabazteko baina alferrik, Jaungoikoari eskeinia baitzegoen. Ezin zuela neska lortu eta, neke eta oinaze gogorrak sufriarazi zizkion; ezagunena bi bularrak moztea. 251. urtean hil zen, 21 urte zituela. Haurtxoen eta bularretako gaixotasunen bat duten emakumezkoen babeslea da. Suteen kontrako abokata ere bada zenbait herritan.

Agate Deunaren inguruan Euskal herrian ohitura desberdinak izan dira. Kanpai jotze luzeak izaten ziren eta, Bizkaiko zenbait ermitatan, erromeriak.

Beste toki batzuetan, egun horren goizaldean, baserrietako soro eta baratzetan, Kalendario egunean elizan bedeinkatutako kandelak pizten ziren.

Tradizioak zioen egun horretan ezin zela labako edo garbiketa lanik egin.

Gaur egun, berriz, toki gehienetan gorde izan den ohitura zera izan da, zuzendaria aukeraturik, makila bana eskuan hartuta eta lehengo janzkeraz, dirua edo janaria biltzen etxez etxe oles egiten ibiltzea.


Zorion etxe hontako denoi

Oles egitera gatoz

Aterik ate ohitura zaharra

Aurten berritzeko asmoz


Ez gaude oso aberats diruz

Ezta ere oinetakoz

Baina eztarriz sano gabiltza

Ta kanta nahi dugu gogoz


Santa Ageda bezpera dogu

Gure herriko eguna

Etxe guztiak kantuz pozteko

Aukeratu doguna


Santa maitea gaur hartu dogu

Gure bideko laguna

Haren laguntzaz bete gentzake

Egun hontako jarduna


(bat, bi , hiru) Eup!!