2011-12-22

KAIXO OLENTZERO!!


Herrialde gehienek izaten dute Neguaren hasieran zorionak ematera eta Urte berria iragartzera etortzen zaien pertsonaia mitikoren bat. Horra hor Papa Noel, Santa Claus, Hiru Erregeak eta San Nikolas, ezagunen artean.

Pertsonaia hauek opariz josita etortzen dira eta ,batez ere haurrentzat erakargarritasun berezia izaten dute. Euskaldunok ere badugu gure Gabon inguruko pertsonaia: OLENTZERO.
Hitz honekin, gure pertsonaia honen izanaz gain, urte garai bat izendatzen da. Amaitzear dagoen urte zaharra irudikatzen du Olentzerok.

Olentzerok jatorriz suarekin du erlazio zuzen-zuzena. Neguko Solstizioaren ospakizuna da. Sua eta erretzearen ingurutik etorri dira zenbait interpretazio eta ohitura, adibidez: ikazkin moduan errepresentatzen hastea, tximiniatik behera jeisten dela esatea edo pipa erretzen agertzea. Hiru kasuetan sua da adierazle garrantzitsua. Sua da zaharra berritzen duena, okerra garbitzen duena. Sua da indar berriaren adierazle.

Gaur Olentzero artzaia da zenbait tokitan, nekazari beste batzutan, eskuan otsorta eta igitaia daramatzala; ikazkina da beste batzuren ustetan. Azken jentila dela diote batzuk, Kristoren jaiotza zabaltzera etorria; urteak egun baino gegi bat gehiago duen gizona dela ere esan da, 366 begi dituen gizona dela.


Zenbait herritan lasto eta trapuz egindako figura baten bidez errepresentatzen dute, eta Gabon gauean, lepoan hartu eta etxez etxe joaten dira oles egitera. Beste herri batzuetan pertsona bat izaten da Olentzeroz jazten dena. Tximini ondoan ere jartzen da zenbait tokitan Olentzeroren irudia txapela buruan eta igitaia eskuan duela.



Igitaia, sua bezala, bizi indarraren adierazle da: zaharra mozten du, kimu berriari lekua egiteko.

Badago, baita ere, oso hedatua egon den beste ohitura bat: Olentzero enborrarena, alegia. Enbor baten bitartez errepresentatzen dena.

Udako solstizioko sua, San Juan, alegia, kalekoa den bezala, neguko hau etxeko sua da. Horrela diote gure zaharrek: "Gabonetan plantxan, Sanjuanetan plazan." (Plantxa beheko sua zen)

Era horretan zenbait herritan oraindik mantentzen da familiako pertsona bakoitzeko egur bat erretzeko ohitura, zaharrenetik hasi eta gazteenarekin amaituz, beti ere gogoratuz etxean ez dagoena, txanda denean bere egurra errez.

Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera euskal umeei opariak ekartzera etortzen den pertsonaia dugu Olentzero. Era guztietan geure sinbolo bihurtu zaigu Olentzero eta geure gaurregungo gizartera egokitu dugu, herri guztiek egiten duten bezala.


Gabon kantak entzuteko eta letra ikusteko sakatu esteka honetan:
GABON KANTAK



EGUBERRI ON!!!!

No hay comentarios: